Larrungo tren ttikia.

2014ko ekainak 30 zituela, egunero Larrunera igotzen den trenak 90 bete zituen, lehendabizikotz 1924ko ekainak 30 zituela igo baitzen. Goiza horretan Euskadi Irratian maiz aipatu zuten afera hori eta arratsaldean haratxetara joatea erabaki nuen. Egun sapa zen eta bortzak banituen Oletako bidean, Trabenia hotelaren inguruko apakarlekura iritsi orduko. 13 kilometroko ibilbide borobila egin nuen. Zein tenore ona, horrelako eguna izateko ez bainuen jende aunitzik ikusi, bortzpasei lagun bakarrik. Bista zoragarriak, itsasoaldera lehenik, Baztan aldera gero eta ea ea tontorrean nintzela, urtebetetzeko lehendabiziko seinaleak ikusi nituen; “panorama” hitza hizki haundi eta koloretsuz osatua, zerutik aise ikusi dadin. Eraikinen ondoan, Montijotar Eugenia enperatrizaren omenez eraikitako oroigarria. Emakume hau, 1859. igo omen zen (oinez doike) eta gertaera honek trenbidea eraikitzeko idea ekarri omen zuen urte batzuk berantago.

1914. hasi ziren obrak eta geldiune batzun ondoren (munduko lehendabiziko gerratea, istripuak…) 1924ko ekainak 30ean egin zuen lehendabiziko bidaia Larrungo zurezko  tren ttikiak, St Ignase lepotik.

Geroztik, milaka eta milaka lagun igo dira Larrunera, martxoa eta azaroa bitartean. Hantxe aurkituko dugu tren geltoki ttar bat bere txartel salmenta txokoarekin, telebistako errepetidorea baita metereologiarako erradarrak. Hauek, frantses estatuare menpe dagoen zatian; aldiz, mugarrien bertzaldean, apenas metro batzutara, bizpahiru “benta” edo ostatu-jatetxe-denda. Hauek, Berako egiten dira. Terraza ederrak dituzte, freskagarria edo bakoitzak nahi duena hartu bitartean inguruko ikuspegiaz gozatzeko.

Merkeena, osasuntsuena, oinez joatea, Beratik, Saratik, Azkaindik…Garestiena, trenez, St Ignase lepotik, 35 minutuko bidaian. Eta tartekoa, igo oinez eta trenean jautsi edo alderantziz.

Hori bai, trena erabiltzekotan eta uda garaian baldin bada www.rhune.com orrialdea bitartez txartelak aitzinetik erosi zeren eta aspertuko zarete lerro luzean esperuan, maiz bi ordukoak izaten baita.

Ez dut aipatu tontorra 905 m. dituela.

Ixabel  |  Comments Off on Larrungo tren ttikia.  |  in Eguraldia, Ibilbideak

Comments are closed.