Aritzakun. Ibilbide berria.

Bertze ibilbide bata urkeztu behar dizuegu. 20 km ingurukoa izan da egun osoa iraun duelarik Aritzakungo eskola zaharrena bapo bapo bazkaldu baitugu, bide erdian. Eneko eta Maddi izan ditut lagun, bata Ansestegiko lepoa arte, Napoleon bidean eta Aritzakungo eskola arte bertzea.

Oraingoan, Amaiurko Jaimeneko Bordatik abiatu gara baino jakin ezazue errex egin daitekela Etxenikea edo Enekonea landetxeetatik, zati ttiki bat gehitzea nahikoa izango zelarik.

Eguraldi onaren baimenaz baliatuta (2014ko apirilak 21), mendi mazelak eskeintzen dituen bide xendak alde batera utzi eta ahal den guzietan gainetik ibili gara, bizkarretik. Xendak utziko ditugu haize haundia edo lainora dagoenerako. Pentsa zer nolako ikuspegiak izan ditugu aitzinean…Jadanik, Alkurruntz aldera igotzen ari ginela, Mendixar inguruan, burua itzuli eta ederki ikusi dugu Autza mendia, laino txuriaren gainean, Baztan bailarari ohantze itxura ematen ziola. Lizermeakako merenderuan, oraindik autokarabanaren bat, astesantuko oporretako errestoak, baita turista despistaturen bat, ustez eta otsondoko merenderuan zegoela…

“…ez, merenderu hau Lizermeaka deitzen da, Otsondoko lepoa hemendik hurbil duzu eta hantxe baduzu bertze merenderua, errepidetik ikusten ez dena…”

Larrun, Atxuria, Aiako Harriak, Alkurruntz…haurrak gozatu dute largabistekin begira. Otsondora iritsi orduko hasi dira: “nekatuta nago…”. Orduantxe bada, gosatzeko tenorea: txokolate eta platanoa..eta…tira goiti, Goizamendi aldera. Goizamendiko kaskoan hainbertze argazki atera ditugu eta alde batera eta bertzera begiratu: hegoaldera Baztan bailara osoa eta batez ere Amaiurko baserriak (tartean gurea) eta iparraldera begiratz gero: Enekonea eta Etxenikea landetxeak, Lapurdiko kostaldea, Larrun…Urriztira iritsi orduko berehalaxe ezagutu dute Enekoneko pista dela…gurutzatu dugu eta berriz ere goiti, Meatzeko bizkarra zeharkatzera; metro batzutara dagoen txabolan gelditu gara; beraiek iaz ezagutu zuten txabola hau, Gorramendiko base militarraren inguruko erakusketa egon baitze bertan eta huraxe ikusten egon ziren.

Eneko franko nekatua dago eta aitatxo deitzea erabakitzen dugu. Halere Ansestegiko kromlechari buruz solastu eta lortu dut animatzea Napoleonen bideraino. Hantxetan agurtu dugu. Aritzakungo PRren markak hartu ditugu baita bizkarrak eta ttonttorrak utzi, Lizartzu eta Iruingo erreketan barrena sartzeko. Iruingo borda pasatu (ez dugu Martzelino ikusi) eta oihanaren barnean sartu gara: ikusgarria pagoen osto berrien dizdira, berde bixi bixia…baino, lurra zein idor dagoen ikusteak harritu nau. Azkeneko bi hilabetetan euri gutti egin du eta erreka batzuk agortuta daude. Bi orduak aldera Iriarteko Beheitiko bordara ailatu gara eta dagoeneko entzuten ditugu eskola zaharreko irriak eta oihuak, haurraz beteta dagoenaren seinale.

Iritsi gara eskola, plaza eta frontoiara. Erainkina hau ez da eskola oraintxe, elkarte bat baizik baino barneko aldean badira eskola zaharraren errestoak: azkena ez bada azkeneko promozioaren argazkia.

Maddik dio ez duela segituko eta ni, bazkalondoan, animatu naiz. PRan nago oraindik; minetako zokoan barrena, Arroseneko Borda pasatu eta Kantaneraino iritsi naiz; ezin ukatu baserri hau bere leiho gorri bixiarekin. marken arabera, pista utzi eta eskuineko errekan sartu naiz, berriz ere erreka agortua gurutzatu (Errekagorri) eta Otzagazteluko bordara iritsi; nor erran behar holako borda batek pvc-ko leiho eta pertsiana txuria izanen zituela…Tarteka gibelerat begiratu eta nondik natorren ikusten dut, ze parajeak…Errepidera iritsi naiz, Otsondo eta Gorramendi elkartzen dituena, 7. kilometrora gutti goiti beheiti. Paraje honi Wasinton deitzen diote, (base militarraren hurbiltasunagatik pentsatzen dut).

Dudetan nago, ez dakit zer egin: markak segitu edo bertzaldera egin. Azkenean utzi ditut markak eta Itzulegi aldera 300 metro inguru egin eta Kantorneko mendian beheiti sartu naiz. Bertze ikuspegi ederra: Amaiurko baserriak eta Baztangoiza naiz eta hasieran Anzabalek tapatzen duen pixka batean. Legarreko erreka gurutzatu eta ixtantean Dorreko bordan nago, gure etxearen bisean bis. Erauntsiaren lehendabiziko tantak sumatzen ditut eta erdi lasterka zimentazko pistan beheiti abiatu naiz baino ixtantean pista utzi eta eskuin sartu naiz “erdiko bidera” ailatu arte. Kurutxeta ondotik, SAT Aranea aldera sartu eta berehalaxe zapaldu dut N121B errepidea. 200 metro eta abiapuntua izan den Jaimeneko Bordara iritsi naiz, trenpa egina eta atsaldeko 8k direlarik.

Ixabel  |  Comments Off on Aritzakun. Ibilbide berria.  |  in Uncategorized @eu

Comments are closed.